2. TESTUINGURA
2.1. Lurraldea
Gaur egun Bilbo Zaharra deritzoguna, berez hiru auzoren batura da: Bilbo Zaharra, olagizonen eta itsasgizonen gune zaharra, Bilboren sorreratik dagoena, San Frantzisko, komentu-lurra izatetik zabalgune txiki burges eta herritar izatera igaro zena, eta Zabala, meatze zaharrei eta burdinbideari lotutako gunea. Multzo hori, industria-iraultzaren garaian, langilegune jendetsu bihurtu zen, goi-burgesiaren Bilboren beste aurpegia. Herentzia historiko horrekin eta ondoren izan duen garapenarekin izaera berezia bereganatu du, auzo horietako txoko guztietan eta bertako jendearengan ikus daitekeena.
Gaur egun hiriko auzorik kulturartekoena da, eta auzoko arazo sozial asko (inklusioa, langabezia, prostituzioa, drogak eta abar) hobetzeko lan egiten ari den elkarte-sare indartsua du. Era berean, aisia, sormena eta kultura lantzen diharduten eragile asko ditu (jatetxeak, galeriak, artistak, kultura-ekoizleak eta abar.)
2.2 Funtsezko unea goialdeko auzoen eraldakuntzan
Bilboko goialdeko auzoen testuinguruak oso une interesgarria eskaintzen zigun honelako prozesu bat irekitzeko. 2016. urtean Bilboko Udala eremu horretako 2016-2019 aldirako ekitaldien agenda diseinatzen ari zen. Eta horretarako, kontsulta-topagune bat ireki zuen.
Tokiko administrazioaren planaren ardatzetako bat, eremuaren garapen ekonomikoa sormen-industriei eta kontsumo-aisiari lotzea da. Kultura azken hamarkadetan garapen ekonomikoko eta hiri-berroneratzeko prozesuetan estrategia garrantzitsuenen zati dela egia den arren, hori batez ere egin du aisiaren eta entretenimenduaren kulturaren sustapena oinarritzat hartuz, eta globalizazioko eta lurraldearen eraldakuntzarako tresna indartsu bihurtu da, tokiko paisaian, ingurumenean, ekonomian eta kulturan inpaktu handia eraginez.
URBANBAT hirigintzako eta gizarte-berrikuntzako festibalak 2016ko edizioan eskaintzen zigun esparrua aprobetxatu nahi izan dugu politika eta eragile kulturalek hiriaren testuinguruaren barruan garapen jasangarrian laguntzeko moduari buruzko debatea sortzeko, kontuan izanik kulturak ezin dituela soilik etekin ekonomikoak sortu, izan ere, tresna indartsua baita portaera-ereduak aldatzeko komunitate-eremuan, kohesio soziala sortuz helburu kolektiboak eta indibidualak sustatzeko. Tokiko testuingurua eraldatu nahi da ekonomiaren, ingurumenaren, hirigintzaren eta gizartearen alorreko aldaketa orekatua lortzeko.